Inprimaketa %100 Euskal Herrian Egina
Inprimaketa %100 Euskal Herrian Egina

Trokelatua

Arte grafikoetan trokelatzeko prozesua plaka lau baten eta ebaketa eta toleste labanak dituen trokel baten artean presio mekanikoa aplikatzean datza, papera bien artean kokatuta egonik. Plaka metaliko baten aurka presio mekanikoa eginez, papera ebaketa-labanekin mozten da eta toleste-labanekin markatzen da. Toleste-marka hauek paperaren ondorengo tolestura errazten dute nahi den lerroan.

Gure inprimategian edozein motatako trokelatuak egiten ditugu. Tamainaren edo zailtasunaren arabera, makina ezberdinak erabiltzen ditugu horretarako.

Trokel fisikoak, normalean egurrez eginak, metalezko labanak txertatuta eta  gomak dituzte. Goma horiek labanak kolpeetatik babesteaz gain, papera kanporatzeko balio dute, izan ere, gomarik gabe, trokelatutako papera laban artean harrapatuta geratuko litzateke.

Gure inprimategian dugun trokelatze digitaleko makinarekin, ez da beharrezkoa trokel fisikorik erabiltzea, eta horrenbestez, horien kostua saihesten da. Hala ere, prozesu digitala motelagoa da eta ez da lehiakorra zenbait tiradatan.

Trokelatuan papera osorik mozten ez denean, erdi-trokelatua deitzen zaio, eta batez ere pegatinekin erabiltzen da. Erdi-trokelaketa zehaztasun handiko teknika da, profesional adituak eta oso ondo doitutako makinak eskatzen dituena; gehiegizko presioak papera guztiz moztu dezake, eta presio gutxiegik, berriz, itsasgarria askatzea zaildu.

PDF artxiboak inprimategira prestatzeko orduan, inprimaketaren ondoren trokelaketa izango bada, garrantzitsua da paperaren ertz guztiek 3 mm-ko odola (sangradoa) izatea. Bi lerro zuzen elkartzen diren puntuan, odola 45 gradutakoa izan behar da, irudian agertzen den bezala.

Aldez aurretik grapatutako aldizkariak edo lomodun liburuak trokela ditzakegu, amaitutako aldizkariei edo liburuei forma emateko. Lomoa beti zuzena izan behar da irekiera errazteko. Teknika hau erabiltzen da, halaber, grapatutako liburu edo aldizkarien ertzak biribiltzeko (kantoneatzeko).

Labanazko trokela erabili beharrean, logo edo nahi dugun formarekin marka eta kontramarka erabiltzen baditugu, paperean erliebea sortzen da —papera goratu edo hondoratuta geratzen da—. Hau da lehorrean egindako marka. Labanazko trokelaketarekin alderatuta, bi pieza osagarri erabiltzen dira eta papera bien artean sartzen da; presio mekanikoarekin, paperak markaren forma hartzen du. Lehor-markak batez ere korporazio-paperetan, bisita-txarteletan, gonbidapen-txarteletan, karpetetan edo braille testua duten produktuak sortzeko erabiltzen dira.

Korporazio-papergintzan ohiko trokelatutako produktuak hauek dira: bisita-txartelak, dokumentuak eramateko karpetak, eta gonbidapen-txartelak. Publizitate-lanetarako, flyerrak, gonbidapenak, diptiko eta triptiko trokelatuak, postalak, orri-markatzaileak, egutegi trokelatuak edo pegatina trokelatuak egiten dira.

Packagingean lanen %90 trokelatuak izaten dira, hala nola: kaxatxoak, elikagaien zintak, kutxak, totemak, eta abar.

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika